Enpresa gehienek badakiten zer neurritan den interesgarria markak erabiltzea beren produktuak eta zerbitzuak lehiakideenetatik bereizteko, baina guztiak ez dira jabetzen zeinen garrantzitsua den horiek erregistroaren bidez babestea.
Marka bat erregistratuz gero, enpresak hirugarrenek produktu berberak edo antzekoak marka berarekin edo nahastea eragiteko moduko antzeko markarekin merkatura ditzatela saihesteko eskubide esklusiboa bereganatzen du.
Enpresak ez badu marka erregistratzen, produktu bat merkaturatzerakoan egiten dituen inbertsioak alferrekoak izan daitezke, lehiakideek marka bera edo nahastea eragiteko moduko antzeko marka erabil baitezakete produktu berberak edo antzekoak merkaturatzeko. Lehiakideren batek marka berbera edo antzekoa hartzen badu, kontsumitzaileek, oker, lehiakidearen produktua eros lezakete. Horrek, enpresaren irabaziak murriztu eta bezeroak nahasteaz gain, bere izen ona eta irudia kaltetuko du, bereziki lehiakidearen produktuak kalitate txikiagokoak badira.
Marken balioa eta marka batek produktu bat merkatuan arrakastatsua izateko duen garrantzia kontuan hartuta, erabakigarria da kasuan kasuko merkatuan (edo merkatuetan) erregistratuta dagoela ziurtatzea.
Gainera, beste enpresa batzuei markaren inguruko lizentzia eman dakieke, eta horrek diru-sarrera gehiago lortzea eragingo luke. Markak erabiltzeko, frankizia-akordioak ere egin daitezke.
Kontsumitzaileen artean izen ona duen marka bat finantza-erakundeetatik finantzaketa lortzeko ere erabil daiteke, izan ere, horiek gero eta gehiago jabetzen dira enpresen arrakasta komertziala neurri handi batean marken arabera dagoela.